Bere 20. edizioan, 6 udalerri bisitatuko ditu: Biarritz, Errenteria, Irun, Hendaia, Donostia eta Hondarribia, eta dantza garaikidearen agerleku bihurtuko ditu bertako plazak eta kaleak. Jaialdiak kohesio sozialerako tresna gisa aztertzen du arte hori, eta herritarrengana hurbiltzen du, mugaz gaindiko topaleku eta espazio komun bat sortuz.

Jaialdiak pieza laburren programazioa aurkeztu du, dantza garaikidea antzokietatik atera eta publiko guztiari hurbiltzeko helburuarekin. Dantza Hirianek hizkuntza koreografikoen aniztasuna ezagutzera eman nahi du, eta, beraz, bertako, nazioko eta nazioarteko artisten azken joeren alde apustu egiten du.

Horretarako, espazio enblematiko hauek aukeratu ditugu: Konstituzio plaza eta Nautikoa Donostian, San Juan plaza Irunen, Herriko plaza eta Alameda  Errenterian, San Pedro kalea eta Santza Maria Madalena plaza Hondarribian, Place de la République Hendaian, eta Place Bellevue eta Place Clemenceau Biarritzen.

Dantza Hirian, ACIELOABIERTO Sareari atxikita dagoen jaialdiak sare horretako sei konpainia aurkeztu ditu 13 parte-hartzaileren artean; horietatik 6 euskal konpainiak dira, eta Galiziako, Valentziako, Kanarietako eta Nafarroako proposamenak ere badira. Gainera, «Ventana Internacional» proiektu berriaren bidez —ACIELOABIERTOk sustatua—, jaialdiak konpainia italiar bat izango du, Masdanza Kanarietako Koreografia Lehiaketarekin lankidetzan. Belgika eta Txileko interpretatzaile gonbidatuek ere parte hartuko dute.

Jaialdiak duela 18 urte sortutako Aterpean programaren esparruan, eta uztailean Dantzagunean (Errenteria) eta abuztuan «Le Labeur- Compagnie Dame de Pic» (Brusela) Konpainia ezagunaren estudioetan egin diren egonaldien ondoren, «Festa Formal» estreinatuko da, Olaia Valle euskal interpretatzailearen eta Gilles Nöel interpretatzaile belgikarraren obra.

IBILI programaren inguruan antolatzen diren gure lurraldeko konpainiak babesten eta horiek ikusgai egiten jarraitzen dugu, eta bertan parte hartuko dute Natxo Monterok, Lasalak, Larrua Proiektuak, Fabian Thomék, Qabalumek eta Olaia Valle eta Gilles Nöelek.

Dantza Hirian oso proiektu ezaguna da Europako kultura-panoraman. Jaialdi bat baino gehiago, dantza garaikiderako plataforma bat da, eta artearen eta mugaz gaindiko komunikazioaren topagunetzat hartzen da, gero eta jarduera handiagoa duelako eta nazioarteko proiektu erantsiak dituelako, hala nola Europako hainbat jaialdirekin (Italia, Belgika, Ingalaterra) eta Latinoamerikako zenbait jaialdirekin (Argentina, Txile, Mexiko) garatu direnak. Mex in Dance proiektua azpimarratu nahiko genuke, batik bat Mexiko DFn garatu zena eta agerlekutzat hiriko metroa hartu zuena. 2008an, Dantza Hirian jaialdiak EBk emandako Kulturen arteko Elkarrizketaren Europako Urtearen Labela jaso zuen; eta, 2011n, Pirinioetako Lan Elkarteak antolatutako Pirinioetako Urtea programan parte hartu zuen. 2012an, Dantza Hirianek Europaren aintzatespena eta laguntza izan zituen (POCTEFA, 2007-2013), eta, 2012tik, Europako Lankidetzaren Eguna ospatzen du.