Dantza Hirian Jaialdiak 9. Aterpean programaren deialdia egin du, Donostia 2016, Euskal Kultur Erakundea eta Biarrizko CCN Malandain Ballet Taldearekin batera. Gaur egungo dantza-ikuskizunen sormena, ikerketa eta zabalkundea sustatzeko helburuz, eta publiko desberdinak sorkuntza-prozesura hurbiltzeko xedez, dantzaren eremuan lan egiten duten artistei zuzendua dago programa hau, baita beste arte-diziplina batzuetatik dantza erreferentzia gisa darabiltenei ere, betiere beren lanak hiri-espazioetako sorkuntzara bideratuak badaude.

Proiektuak bidaltzeko azken eguna: 2016-04-30. (Deskargatu PDF)

Proiektuen aukeraketan arreta berezia eskainiko zaie Akitaniatik eta Euskaditik datozen proposamenei eta euskal kulturarekin, bertako historiarekin eta hizkuntzarekin… elkarrizketa koreografiko bat finkatzen dutenei, eta era berean, kultura horretako elementu desberdinak eta gaur egungo koreografia-hizkuntza bat erabiliz hori berrasmatu eta islatu nahi dutenei.

Sorkuntza-prozesua publiko desberdinekin partekatzeko modu berriak sustatzearren artistak darabilen ikuspegia balioetsiko da, bai publiko kolektibo bereziekin (dibertsitate funtzionala duten pertsonekin, haurrekin, nagusiekin…) eta baita publiko orokorrarekin ere.

Bi proiektu aukeratuko dira eta egoitza-lekuak, berriz, Malandain Ballet Biarritz Koreografia Zentro Nazionala, Dantzagunea (egoitza berria zabaldu du Errenterian) eta Hendaiako Mendi Zolan Kultura Espazioa izango dira. Baina, halaber, Eurohiriko beste espazio batzuk barneratzeko aukera ere izango da. Programaren iraupena hiru astekoa izango da artista bakoitzarentzat eta sorkuntza-lan berriak Dantza Hirian jaialdiaren aurtengo edizioan estreinatuko dira.