2021eko irailaren 10etik 26ra ospatuko den 16. edizioan, proposamenek 6 udalerri hauek zeharkatuko dituzte: Irun, Hendaia, Biarritz, Errenteria, Donostia eta Hondarribia. Proposamenak mota guztietako pertsonentzat daude pentsatuta, eta dantza garaikidean gora egiten ari diren artista gazteen azken joeren aldeko apustua egiten du.

14 konpainia, horietatik 7 euskaldunak, baina baita Madril, Katalunia, Nafarroa eta Gaztela eta Leongo erkidegoetakoak ere. Eta konpainia frantses bat.

Acieloabierto Ezohiko Espazioetako Jaialdien Sarearekin elkarlanak eta sinergiek aurrera jarraitzen dute, eta zirkuitu horren bitartez, 6 konpainia hauek aurkeztuko dizkigu:

  • Marcat Dance (Andaluzia)
  • Esa Gente (Gaztela eta Leon)
  • La Intrusa (Katalunia)
  • Sharon Fridman (Madril)
  • Adrián Manzano eta Diana Wondy (Madril)
  • No Bautizados (Madril)

Aterpean programaren esparruan, eta uztailean eta abuztuan egindako egoitzaren ondoren, obra hau estreinatuko da: “TRÁNSITO”, Node konpainiarena.

Aterpean programak, ezohiko lekuetan sormen-lanak egiten eta dantza ezagutarazten laguntzen duen programak, 24 sorkuntza berriren aldeko apustua egin du hasieratik, eta honako hauek dira bere laguntzaile nagusiak: Euskal Kultur Erakundea, Biarritzeko CCN Malandain Ballet, Hendaiako Udalaren Mendi Zolan eta Errenteriako Dantzagunea, Gipuzkoako Foru Aldundiarena. 2020an Lesakako Udalari eman genion ongietorria, Harriondoa Kultur Etxearen bidez bat egin baitzuen Aterpean programarekin, Dantza Hirianen lurraldea Nafarroara hedatuz. Edizio honetan, Lekuona Fabrika (Errenteria) zentro kultural ireki berriak, Le Temps d´aimer la danse Jaialdiak (Biarritz) eta Labo Uda – Tabakalera / Kutxa Kultur egoitza kulturalak egin dute bat proiektuarekin.

IBILI programaren baitan artikulatzen diren gure lurraldeko konpainiak babesten eta ikusgai egiten jarraitzen dugu. Bertan izango dira: Node, Led Silhouette, Xian Martinez, Anakrusa, Lasala, Organik eta Ertza – Asier Zabaleta.

Ertzaren “Otempodiz” (el tiempo dice) nabarmendu behar da, bi noranzkoko hartu-eman eta sorkuntza artistikoko proiektu baten emaitza. Mozambikeren eta Euskadiren artean egituratzen da, AECID agentziaren, Sortutakoak egoitza artistikoaren (Gipuzkoako Dantzagunea) eta Errenteriako Atlantikaldia jaialdiaren laguntzari esker. Proiektuaren bidez, lan-aukera bat eta oinarrizko tresnak eskaini nahi zaizkie Maputoko bi dantzariri, nazioarteko dantza-zirkuituetan beren kabuz moldatu ahal izan daitezen.

Europako kultura-panoraman entzute handikoa izateaz gain, dantza-jaialdi bat baino gehiago da Dantza Hirian. Gaur Egungo Dantzarentzako plataforma bat da Baiona-Donostia Eurohiriaren testuinguruan.

Oharra: COVID-19aren eraginez, aurten ez dira antolatuko ikastetxeetarako saioak, marrazketa-tailerra eta master class eskolak.