Project Description
“Dantza Hirian” hirugarren jaialdia aparteko emaitzekin itxi da
Joan den irailean, “Dantza Hirian” mugaz haraindiko dantzaren hirugarren jaialdia antolatu zen Baiona-Donostia Eurohiriko hainbat udalerritan. Hiri-paisaietako dantza garaikidearen inguruko sentsibilizazio-plataforma bihurtu da jaialdi ibiltaria, eta dantza horren sorrera eta zabalkunderako euskarri ere bai.
11 konpainiak -horietatik lau bertakoak- eta 40 artistak (aurreko urtean baino %60 gehiago) hartu zuten parte, eta 11 dantza-ikuskizun eskaini zituzten. Horien artean ERTZA konpainia gipuzkoarraren “Bihar jaio nintzen” lana nabarmendu behar da, Aterpean programatik sortua. Asier Zabaleta arduratu da koreografiaz, eta musika Borja Ramosek jarri du. Hurrengo jaialdietan, hiri-espazioetako dantza garaikidearen sorrerari lagunduko dio mugaz haraindiko programa berri horrek, eta dantzaren inguruko ikerketa eta zabalkundea sustatuko du, Akitania eta Euskadiko profesionalen arteko trukeak bultzatuz.
6 orduz erabat doan eskainitako ikuskizunek Eurohiriko lau hiritako espazioak itxuraldatu zituzten. Eurohiria Donostiatik Baionaraino zabaltzen da eta 600.000 biztanle hartzen ditu bere baitan. Donostiak, Irunek, Hendaiak eta Baionak hartu zuten mugaz bestaldeko ekimen hori, indarrak batuz proiektu komun bat sortzeko. Aurten, 23 erakundek egin dute bat Dantza Hirian proiektuarekin, iaz baino %53 gehiago.
Jendearen harrerak ere aurreikuspen guztiak gainditu ditu. 6.800 lagun inguru etorri ziren jaialdiko ikuskizunez gozatzera, aurreko urtean baino %13 gehiago. Haur-kopuruak ere %29 egin du gora: Hendaian antolatutako bi saioetara 650 ikasle joan ziren. Saioen helburua Eurohiriko ikastetxeekiko harremana indartzea zen. Ekimena dantza garaikidearekiko sentsibilizazioa handitzeko antolatutako ekintzen barruan kokatzen da.
Laburbilduz, emaitzak oso onak izan dira, eta gainera, jaialdiak “Kulturen Arteko Elkarrizketaren Europako Urtea” (KAEEU) labela jaso du. Antolatzaileen arabera, aitorpen horrek «jaialdiaren inplikazio aktiboa» erakusten du KAEEUren helburuekiko: «kultura-aniztasuna sustatzea, beste kulturekiko errespetua eta ulermena handituz, kohesio sozialerako faktoreak diren aldetik».
Hirugarren jaialdia:
11 dantza-konpainia
20 hiri-paisaia
Eurohiriko 4 udalerri.
artista egoiliar 1
estreinaldi 1
ikasleentzako 2 saio
bideo-ziklo 1
Kartela | Programazioa | Aldizkaria | Prentsa | + Argazkiak | Bideoa





