Project Description
DANTZA HIRIAN JAIALDIAK BI KONPAINIA HARTU DITU ATERPEAN PROGRAMAREN BAITAN
ANAKRUSA (Donostia) eta ANDROPHYNE (Mimizan) konpainiek Aterpean artista egoiliarren programan parte hartu dute. Aterpean programaren helburua gaur egungo dantza-ikuskizunak sortu eta hura hiri-eremuetan ezagutzera ematea da.
Joan den maiatzean, Dantza Hirian jaialdiak programaren bosgarren deialdia egin zuen, eta nazioarteko 10 proiektu aurkeztu ziren. Noemí Vianak, Eneko Gilek eta Iñigo Ortegak osaturiko Anakrusa konpainia aukeratu zuten “Insitu” lanerako. Androphyne konpainiari ere laguntzen dio Aterpean programak. Pierre-Johann Suc Androphyne konpainiaren koreografoak eta Amaia Urrak “Ceci n’est pas une performance!” izeneko ikuslearentzat idatzitako solo bat zuzenduko dute zuzenean.
Aterpean programaren baitan, bi konpainia horiek emanaldiak antolatu dituzte, uztailean eta abuztuan zehar, honako 3 egoitza hauetan: Hendaiako Udalaren Mendi Zola kultura-gunean, CCN Malandain Ballet Biarritzen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Donostiako Dantzagunean.
Denbora-epe horretan, artistek harreman zuzena izan dute Eurohiriko biztanleekin, eta hainbat sentsibilizazio-jarduera, topaketa eta entsegu ireki egin dituzte, besteak beste, beren esperientziak publikoarekin partekatu ahal izateko.
Sorkuntza berriak Dantza Hirian jaialdian aurkeztuko dira lehen aldiz, irailaren 14an, Donostian. Biarritzen irailaren 15ean aurkeztuko dira, Le Temps d’Aimer jaialdian, Dantza Hirian jaialdiak CCN Malandain Ballet Biarritz eta Biarritz Culture erakundeekin finkatu duen lankidetzaren esparruan. Baionan ere ikusi ahal izango dira, irailaren 22an.
Aterpean programak laguntza jaso du honako erakunde hauen aldetik: POCTEFA, Euskal Kultur Erakundea, CCN Malandain Ballet Biarritz, Eusko Jaurlaritza, Akitaniako Lurraldea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Biarritz Culture eta Hendaiako Udala.




