Project Description

DANTZA HIRIAN ekimenak hiriguneetan gaur egungo dantza sortzea, ikertzea eta zabaltzea sustatuko du ATERPEAN programaren bidez. Urte osoa hartzen duen programa hori mugaz gaindikoa da, eta artista egoiliarrei zuzendua dago.

Mugaz gaindiko programa berri horren bidez, artistek, zuzkidura ekonomikoa ez ezik, lanak sortzeko eta aurkezteko espazio bat ere lortuko dute. Baiona-Donostia eurohirian gauzatuko da ATERPEAN.

2008ko edizio honetarako, Donostiako Ertza aukeratu da programa honetako lehen konpainia egoiliar modura. Sormen-prozesuari ekin aurretik, Ertzako Zuzendari eta Koreografo Asier Zabaletak sormenaren tailer bat antolatu zuen Baionako LA MAISON DES ASSOCIATIONS zentroan, eta bertan, lau dantzari aukeratu zituen bere lan berrirako. Egonaldi hori Arteleku eta Donostiako Egia Kultur Etxearen artean egin zen uztaileko hilabete osoan zehar, eta emaitza gisa, “BIHAR JAIO NINTZEN” izeneko hiri-inguruneetarako pieza labur bat prestatu zen, Dantza Hirian ekimenaren barruan estreinatuko dena eta Donostia, Irun eta Baionatik igaroko dena.